top of page

 

CICFEM23-REN ADIERAZPENA. EMAKUMEEN OSASUN-ESKUBIDEAK.

CICFEM22-k proposatuta, EMAKUMEAK MEDIKUNTZAN FOROAK egina

 

Emakumeek eta gizonek osasun-eskubide berberak dituzte, eta osasun-arreta egokia jaso behar dute, gaixotasunei aurre egiteko sexu- eta genero-faktoreen eragina kontuan hartuko duena. Medikuntza konbentzionalak eta harekin lotutako osasun-arloek eredu androzentrikoa dute erreferentziatzat. Eredu horrek ez du faktore horien eragina behar beste kontuan hartzen emakumeen gaixotasunen intzidentzian, sintomatologian, bilakaeran, diagnostikoan eta tratamenduan, eta horrek emakumeen osasuna izugarri kaltetzen du. Horrek eragiten du emakumeen, nesken eta gizatalde zaurgarrien osasun-arazoei modu egokian ez heltzea, batez ere emakume eta gizonengan ezaugarri desberdinak dituzten arazoei, eta arreta sexu- eta ugaltze-organoetan jartzen da. 

Emakumeen gaixotasunei modu egokian eman behar zaie arreta, eta, horretarako, kontuan hartu behar da gaixotasun berak gizon eta emakumeengan intzidentzia, sintomatologia, bilakaera, diagnostiko eta tratamendu desberdina izan ditzakeela. Ahalegin terapeutikoa gizonen kasuan egiten denaren parekoa izan behar da, eta emakumeen testigantza, adierazitako sintomak eta mina gaixotasunaren islatzat jo behar dira, ez arazo psikosomatiko edo sozialtzat. 

Emakumeen eskubidea da euren prozesu biologikoei eta gaixotasunei buruzko ezagutza zientifikoa sortzea, eta, horretarako, saiakuntza klinikoetan eta ikerketa-proiektuetan aztertu behar dira emakumeak, baita zientzialaritzat eta ezagutza horren sortzailetzat kontuan hartu ere. Lortutako datuak sexuaren arabera bereizi behar dira emakumeen errealitatea islatuko duten ondorio egokietara iristeko. Ezagutza hori Osasun Zientzien arloetako ikasketa-planetan jaso behar da, emakumeen gaixotasunei behar bezalako arreta emateko gaitasuna izango duten profesionalak prestatzeko, estereotipoei jarraituz eta desberdintasunak ezagutu gabe lan egingo ez dutenak.

Emakumeen eskubidea da, halaber, paziente eta osasun-langile gisa izendatzen eta ikusarazten dituztenean, hizkuntza inklusiboa eta estereotiporik gabeko irudi ez-sexistak erabiltzea, bai idatzizko testuetan, bai osasun-kanpainetan sarritan erabiltzen diren ikus-entzunezko baliabideetan. 

Irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta jardunbide klinikoaren sexu- eta genero‑itsutasunak ondorio hauek ditu:

  • Gizonen esperientzietan oinarrituta, emakumeen esperientziak gehiegi orokortzea, eta, beraz, emakumeen gaixotasunen sintomatologia eta bilakaera gaizki adieraztea, gizonezkoen eredutik aldentzen badira. Horrek zenbait gaixotasunen infradiagnostikoa eragiten du, hala nola COVID-19arena, emakumeen sintomatologia sarritan urdail-hesteetakoa baita. Halaber, miokardio-infartua bestelako min batekin azaldu ohi da, baita emakumeengan ohikoagoak diren sintoma-multzo batekin ere.

  • Emakume eta nesken errealitatea ikusezin egitea. Emakumeok ez gara ikerketen xede izaten, eta jardunbide klinikoan ez gaude zientzialari edo profesional gisa ordezkatuta. Emakumeen kontrako indarkeria ere ezkutatu egiten da arreta sanitarioan eta obstetrikoan, indarkeria fisikoa eta/edo hitzezkoa, adibidez.

  • Emakume eta nesken bizitzako faseak gaixotasun bihurtzea, hala nola ziklo menstruala, menopausia edo haurdunaldia. 

  • Estereotipoetan oinarritutako desberdintasunak azaltzea. Emakumeen gaixotasunen sintomak arazo psikosozialtzat jotzea, eta ez gaixotasuntzat, eta medikuntza aplikatua sexu- eta ugaltze-organoetan arreta jartzen duen “bikini-medikuntza” izatea.

  • Ebidentzia zientifikoak desitxuratzea zenbait desberdintasun justifikatzeko; adibidez, birusek emakumeak errespetatzen dituztela. Izan ere, esaterako, HIESa da mundu osoan emakume gazteen artean heriotza gehien eragiten duena, eta COVID iraunkorrak gehiago eragiten die emakumeei, gizonei baino.

Ondorioz, beharrezkoa da osasun-arloko prozesu guztietan txertatzea desberdintasun biologikoak (anatomikoak, fisiologikoak, genetikoak, erantzun immunearekin lotutakoak, etab.) nahiz generoarekin lotutakoak (rolak eta jarduerak, baliabideetarako sarbidea eta haien kontrola, ereduak eta itxaropenak, eta nortasun subjektiboa). Gainera, irmoki defendatu behar da, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpenak egiten duen bezala, gizakien duintasuna eta balioa, baita gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ere; izan ere, horiek gabe gizateriak ezingo du sozialki aurrera egin, ezta garapen jasangarririk izan ere.

bottom of page